Sitio no oficial de Eusko Alkartasuna

Abertzale izatea gaur

 

 

Lontxo OIHARTZABAL

(EHUko irakasle titularra)

Abertzaletasunaz gogoetak


   Eztabaida ugari entzun ahal izan dugu azken urteotan zehar euskal abertzaletasunaren inguruan. Normala ere izan daiteke horrelatsuko eztabaidetan aurkako alderdi politikoetatik abertzaletasunari buruz mezprezuzko baieztapen hutsak eta hutsalak egitea. Zenbait alderdi politikok, bere balioak azaltzen eta frogatzen jardun beharrean, besteen ustezko akats eta ezaugarri ezonargarriak haizeratzen egiten ditu milaka ahalegin. Hemengo hainbat alderdi politikoren kultura politikoa da.

   Harrigarriagoa gertatzen zait niri izaera beretsuko baieztapen hutsalak pentsalari omen diren batzuen ahoetatik entzun beharra. Abertzaletasuna jarrera atzerakoia ei da batzuen esanetan. Beste batzuen aburuz, berriz, abertzaletasunak indarkeriara darama dagokion gizartea edo giza taldea. Nik, aldiz, ez dut abertzaletasunik gabeko herrialderik ezagutzen. Ala beren buruak espaniartzat eta espaniar hutstzat dituzten Espainiako kideak ez dira espainiar abertzaleak? Ez daude, bada, indar armatuak, Konstituzio demokratiko baten arabera, espainiar nazio-estatuaren batasuna zaintzeko, gordetzeko eta babesteko? Eta hor abertzaletasuna bi mailatan dago guri-gurian: sentipenen eremuan eta erabaki politikoen esparruan. Eta Espainian bezala Frantzian, Alemanian eta alde guztietan.

   Nazio-estatu handiak dira indarra beren aberriaren alde ofizialki erabiltzen dutenak. Eta osatu ere, indarraren erabileraren ondorioz osatu dira historian zehar; eta aldatu badira, indarraren poderioz aldatu dira. Espainian bertan bere nazio-zentzua eta nazio-kontzeptua etenik gabe berreraikitzen joan den sorkari historikoa izan da eta orain ere halaxe da, oraingo Konstituzioak eta Francoren garaikoak oso modu ezberdinetan ulertzen baitute nazioa omen den Espainia hori. Eta Espainia bezalaxe inguruneko beste estatuak ere. Bake bidezko adostasunak oso toki murritza izan du nazio-estatu horien moldakuntzan, inoiz izan badu behintzat. Gehitu horri beste puntu bat: inolako demokraziarik ez zegoen garaitan moldatutako sorkari historikoak dira oraindik gaur egungo nazio-estatu handi eta indartsuak. Bada nahiko arrazoi, beraz, nazio horien izaeraren zuzentasun politikoa zalantzan jartzeko eta demokraziaren bidetik gaia eta arazoa patxadaz eztabaidatzeko eta adosteko, edozein konstituzio sorkari historikoa baita, formaz demokratikoki erabakitakoa izanik ere.

   Historia, gainera, berritu baino ez da egin azken aldi honetan. Pilpilean dago GAL madarikatuaren auzia. Demokratikoki aukeratutako gobernu batek ez du zalantzarik izan demokratikoki erabakitako legeen aurka jokatuz, indarkeriaz baliaturik, nazio sakrosantu omen den hori babesteko. Sorkari historiko dena, entelekia metafisiko eta dogmatiko huts bilakatu da, horrela, demokrata omen den zenbait alderdi politikorentzat.

   Zentzu honetan nik ez diot arrazobiderik aurkitzen zenbait intelektualek euskal abertzaletasunaz egin duten salaketari: sorkari historiko bat omen delakoa, alegia. Eta hala da, beste guztiak horrelaxe diren bezala. Baina oinarrizko berezitasun eta ezberdintasun batekin: inolako indarrik eta indarkeriarik erabili gabe moldatu den sentipena eta kontzeptua izan dela euskal abertzaletasunarena, eta estatuak indarrez eta indarkeriaz ezarritako legedi eta egoera baten aurka bakarrik sortu zela euskal abertzaletasunaren lerro eta ildo berezi batetik abertzaletasun hori indarrez eta indarkeriaz gauzarazteko nahia eta talde armatua, euskal abertzale demokratiko gehienok, ez dugula onartzen eta babesten aldarrikatu dugun burruka armatua bera. Oraindik, tamalez, ideia baino ez da euskal abertzaletasun demokratikoaren hau, eta ideien eremuan eztabaidatzen ari garena. Ze euskal abertzaletasunaren ildoetatik joan daitekeen autonomia-estatutoari espainiar nazionalismo zekenak zer-nolako oztopoak jartzen dizkion ikusita, oraindik ere ideien munduko eztabaiden mailan jarraitu beharko euskal abertzaletasunak gorputz sendoagoa eta indartsuagoa har dezan bitartean.

   Bada politika demokratikoaren izaerarekin inolaz ere lotu ezin dudan beste jarrera eta jokabide bat espainiar alderdi politiko zentralistetan. Giza taldeei beren izaera erarik adostuenean antolatzeko aukerabideak eskaintzeko eta giza talde berorien eskubide demokratikoak babesteko betekizuna dute alderdi politikoek. Zergatik, orduan, hainbesteko beldurra eta itxitasuna Euskal Herrian autodeterminazio-eskakizunaz erreferendun bat egiteko hainbat alderdi eta erakundek plazaratu izan duen eskabideari? Horrelatsuko urrats demokratiko bati beldurra bazaio, beste nolabaiteko interesak daudelako izanen da noski. Historian zehar ehundaka aldiz aldatu den espainiar nazio-batasuna beste behin aldatuko ote den beldur diar, antza denez, espainiar nazionalista sutsuak.

   Demokrazian benetan sinesten bada, ordea, aukera hori politikoki oinarriz onartu beharrekoa da, lehenean irauteko aukerabideak eskaintzen dituen neurri berean eskaintzen baititu bide berriak urratzeko eta egoerak aldatzeko ere. Bestela demokraziaren itxura hutsetan ari gara jolasten.

 


Artikuluen zerrendara

EAren orrialde ez-ofizialaren lehenengo orrira