Eusko Alkartasunaren gune ez ofiziala

Abertzalea izatea gaur


Joxerramon BENGOETXEA

(EHUko Zuzenbide Fakultateko irakaslea)

Erasoak eta kritikak


Eusko abertzaletasuna erasotua omen da. Azken bost urteak kanpoan bota ondoren Euskadira itzuli berri naizenez ohi baino arrisku gehiago dago esaten dudana oso urruneko izatea. Lehenengo urratsa galdera bera kolokan jartzea litzateke. Izan ere, garbi al dago eusko abertzaletasuna erasoa jasaten ari dela? Eraso hitzarekin biolentzia esan nahi bada, orduan ezin uka abertzale batzuk erasotuak izan direla. Erasotzaileak MLNV deituriko mundutik etorri dira, berauen ikuspuntutik Euskalherria askatzen ari diren bitartean (movimiento de liberación nacional vasco) erasouten ikuspuntutik eusko abertzaleak garbitzen arid dira (Movimiento de liquidación nacional vasco). Baina eraso hitzarekin bestelako erasoak adierazi nahi badira, orduan aztertu egin behar da zernolako erasoak diren eta nortzuk diren erasotzaileak. Azter dezagun ba.

Biolentzia erabili gabe ere posible da abertzaletasunari eraso egitea: izen ona edo ospea erasotua izan daiteke, estrategia politiko erasotua izan daiteke, eritizi politikoa ere erasotua izan daiteke eta azkenean euskal aberri-zale-tasuna bera ere bai. Horretarako erabil daitezke tresna zorrotzak: mass media, ekonomia, zuzenbidea, nazioarteko harremanak, etab. Erasoa eta kritika ez da berdina .Erasoa arerioak egingo du beti; kritika aldiz lagunak egin dezake, abertzalea izan ala ez izan. Erasoaren helburua erasotuari min egitea da eta ahal bada erasotuari aldaketa sakona egitera behartu erasoa piztu duen faktorea desagertzen den arte. Horrexegatik erasoari aurre egin behar zaio. Kritikaren helburua kritikatuaren hobekuntza lortzea da eta neurri horretan eskertzekoa da. Ez ditugu erasoa eta kritika nahastu behar baina beldur naiz, ez ote dugun maizegi kritika erasotzat jotzen, defentsa edota kontraerasoari ekinez. Egia da kritika batzuek min handiagoa egiten digutela erasoek baino, gure akatsak agerian jartzen baitituzte, baina kasu gehienetan, kritika jatorrak direnean behintzat, adiskidetasunetik egiten dira. Bese kontua da fede onez egindako kritikak arerioek erabiltzea erasotuarei kalte egiteko; kasu horretan oso kontu handiz ibili behar du kritikalariak zeren arerioaren tresna bezala erabilia izateko tesituran jartzen da. Fede txarrez egindako kritikak, ene ustez, erasoak dira. Erasotzaileari ematen badiogu berak entzun nahi duena, orduan bere jokoa egiten ari gara.

Eusko abertzaletasunaren egoera, en ustez kritikak eta erasoak jasaten ari da eta funtsezkoa zaigu bien artean bereiztea. Erasoa, lehen esan dudan bezala, MLNVtik dator, printzipioz agbertzaletasunaren arerio ez dena. Ez dugu sinetsi nahi ETAk Euskadiri min egin nahi dionik baina halaxe da, eta nolakoa gainera. Kasu horretan nik esango nuke demokraziari eraso egieten diotela eta abertzaleak bere aberria maite du bai, baina demokrazia eta giza eskubideak maiteago. Eraso egiteaz gain kalte itzela ere egiten dio MLNVk edo ETAk eusko abertzaleari, azken finean aberriaren arerioa abertzaletasuna eta biolentzia parekatzen dituelako. Baina erasoa ez dator ETA eta MLNVtik bakarrik. Espainol eta frantses nazionalismoek ere eraso egiten diote abertzaletasunari: zergatik? hiru nazionalismo horiek aurrez aurre daudelako.

Abertzalearentzat aberria Euskadi den bitartean espainol nazionalistarentzat Euskadi ez da aberririk baizik eta España nazioaren zati bat, edo Pays Basque Frantziarena frantses nazionalistarentzat.

Eraso hauen aurrean nola ekin? Ene ustez zuhurtziaz arituz. Espainol nazionalismoa agerian utzi behar dugu honek demokraziari egiten dion erasoa salatuz, zeren eta herri baten borondadea ukatzen bada demokrazia ere ukatu egiten da eta Euskadiren borondadea autodeterminazioa da: bere status politikoarei buruz erabaki ahal izatea. Eraso horiei erantzun behar zaie. Baina kritikak ongi etorriak izan daitezen. Geure buruaren kritika etengabe egin behar dugu eta egiten dugun neurrian geure buruarengan konfidantza eta fede gehiago izango dugu. Ongi aztertuz gero, ulertuko dugu gure erasotzaileek beraiek ezin dutela kritikarik jasan eta hor aurre hartu behar diegu.

Beraz, erasoen aurrean, datozela ETAren partetik, datozela espainol edo frantses nazionalistengandik Euskaditik edo kanpotik, erantzuten jakin behar dugu: ETAri aski dela esanez, aberriaren gain bizitza eta demokrazia jartzen dugula eta beste nazionalismoei beren totalitarismoa salatuz. Baina kritikak asumitu behar ditugu, behar bezala aztertu eta horiengandik ikasi, gero eta aberri irekiagoa, anitzagoa, demokratikoagoa lortuz. Kritikalarien erantzukizuna da beren burua abertzaleen arerioen mesedetan ez jartzea baina joko horretan jauzten direnean, neurri batean, gure errua ere izaten da, guk kritikalari horiekin ez dugulako eztabaidatu nahi, espainolistatzat jotzen ditugularik.

Abertzaletasun berri baterantz abiatu beharrean gaudela iruditzen zait. Geure burujabetasuna helburu ezberdinetarako erabil dezakegu, eta geure eskuetan da ongi hautatzea. Horra hor Europaren eraikuntza: ba al dakigu zernolako statusa lortu nahi dugun Europan? Aztertzen edo eztabaidatzen ari al gara? Ez al da garaia geure aberriaren eraikuntzari zerbaiten alde eta ez zerbaiten kontra ekiteko? Ohartzen naiz lerro hauek eskasak direla eta agian orokorregi mintzatu naizela, baina tira, aberriaren maitasunetik bota ditut eta aberria baino maiteago aberriaren oinarri bakarra diren askatasuna eta giza eskubideak, maiteago ditudalako.


Artikuluen zerrendara

EAren orrialde ez-ofizialaren lehenengo orrira